Euskal Herri osoko mintzalagunak bilduko dituen Mintza Egunaren hamargarren edizioa maiatzaren 30ean ospatuko da Beran, Mingainak dantzan izenburupean. 250-300 solaslagun espero dituzte larunbatean.
Larunbat goizeko 11etan ongi etorria eta hamaiketakoa Rikardo Baroja eskolan. Sarako Txalapartariek, Bortzirietako Bertso Eskolak, Baztango Fanfarre Mi Fak eta eskualdeko Solaslagunek parte hartuko dute bertan. Herriko Ikastetxeko haurrek egindako marrazkiak ere banatuko dira, eguneko egitarauarekin. Horrekin batera, Euskal Herriko txoko guztietatik datozen mintzalagunei hamaiketakoa eskainiko zaie.
12:00etan herria eta ingurua ezagutzeko bi ibilbide kultural antolatu dituzte: Bera altueratik, Lekueder eta Garmendiko Bordara bisita. Kaxerna Gaztetxekoek bere egoitza erakutsiko dute. Bertze ibilbidean, Karriketatik xokoz xoko ibiliko dira solaslagunak. Itzea aldera hurbildu eta Barojarren eta sorginen berri izanen dute, elizako organo berezia entzun eta San Migel zubiko historiak ezagutuko dituzte herritarren eskutik.
13:30ean Mintza kalejira-poteoa fanfarrearekin.
15:00etan bazkaria Herriko Etxeko plazan (euria eginen balu bazkaria eskolako frontoian).
16:30ean esker emate ekitaldia.
17:00etan dantzaldia Oharkabe taldearekin.
Mintzapraktika egitasmoa
Euskal Herrian lehendabiziko mintzapraktika egitasmoa Donostiako Bagera euskara elkarteak jarri zuen martxan, 1993. urtean. Bagera elkarteko lagunek landutako haziari esker, azken urte hauetan asko hedatu dira mintzapraktika programak, gaur eguneko zenbakietara iritsi arte: 80 bat herri eta eskualdetan, ia 5.800 lagun aritzen dira mintzapraktika taldeetan.
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohitura daukatenak zailtasunak dituztenekin elkartzen dituzte. Astean ordubetez, bospasei laguneko taldetan elkartzen dira, aisialdi giroan. Horrela, euskararen erabileran eragiten da. Euskaldun kopurua handitzen laguntzen dute, euskalduntze prozesua bukatzen ari direnei, jarioan trebatzeko eta euskaldunen sarera hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen dietelako.
Bestetik, kale erabileran eragiten dute, ohiko jarduera leku publikoetan garatzen den neurrian (kafetegietan, elkarteetan, tabernetan, kalean, parkeetan....) herriko paisaia linguistikoa euskaldunago bihurtzen dutelako.
Gainera, euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak zabaltzeko aukera ematen dute mintzapraktika programek. Lan horretan, egitasmoen baitan antolatzen diren ekintza osagarriek garrantzia berezia dute. Horien artean ezagunena, Euskal Herriko Mintza Eguna da.