Erretratu batzuk aise kentzen dira

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2020ko eka. 18a, 12:29

Politikan keinuak garrantzi handikoak direla jakin arren, batzuetan lotsatu egiten naiz horietako batzuk ikustean.
Lehengo egunean, Nafarroako Parlamentuak Juan Carlos errege ohiaren erretratua kentzea erabaki zuen. Guztiok genekiena frogatu denean, alegia, lotsagabe hutsa dela.
Baiezko botoa eman zuten batzuk lerdea zeriela ibili dira urtetan, Francoren oinordekoari era guztietako lausengu eta losintxak eskainiz. Errepublikazaleak omen ziren, errepublikazale juancarlistak. Nekez asmatuko genuke ergelkeria handiagorik.
Niri, egia esan, berdin zait koadroa kentzea edo Parlamentuko gela ilun batean uztea. Keinuak ongi daude, beti ere atzean koherentzia pixka bat dagoenean.
Aukeran, ordea, gogoeta nahiago nuke, kasu honetan sozialistena. Erraza da keinu merkea, zailagoa ausardia eskatuko lukeen gogoeta.
Aitaren koadroa kentzea erraza da. Semearena, ordea, leku pribilegiatuan utziko dute. Orain arte errepublikazale Juancarlistak zirenak, orain errepublikazale felipistak dira. Francok ezarritako monarkiaren aldekoak beti.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!