Koronabirusak kaltetutakoen zerrenda aletzen hasita, talde bat ahantzi zaigula iruditzen zait: txikiteroak. Agian, desagertzear dagoen espeziea izanik, banaka batzuk besterik ez direlako.
Kontua da haiek ere sufrituko zutela eguneroko ohitura, egun batetik bestera, bertan behera utzi beharragatik.
Azken urteotako bigarren erasoa dute oraingoa. Lehenbizikoa, ostatuetan erretzea debekatzea. Haiek, tabernan ducadosa pizturik sartuko ziren. Zigarroari pare bat zupada eman, ardoa bi tragotan edan…eta koadrilako batek keinua egin orduko, gainerakoek berehala ulertuko zuten: hurrengora joateko unea zen.
Azken bi hilabeteotan, ez zigarroarekin, ez zigarrorik gabe. Koronabirusak txikiteoa ere desagerrarazi du.
Egia da osatuak zabaltzen hasiak direla, tragoak terrazetan hartzeko.
Baina txikitero batek, benetako txikitero batek, gorroto ditu terrazak. Ergelkeria hutsa iruditzen zaio ardoa eskatu eta ordu bat egitea hor, aulkian jarrita, solasean.
Txikiteroak tragoa zutik hartu nahiago du. Eta azkar, denborarik galdu gabe, ostatuz-ostatuko ibilbidean segitzeko.
Txikiteroak, desagertzear dagoen espeziea. Bizirik aterako al dira mundua hankaz gora jarri duen krisi honetatik?