Arrasate Osasunan hasi berritan, Lekeitioko tabernari batek laburbildu zidan haren izaera, sei hitz erabiliz: “tipo jatorra eta oso entrenatzaile ona”. Taldearen hasiera ikusita, zalantzan jarri nuen lekeitiarraren iritzia. Entrenatzailea Berriatukoa izanik, agian lekeitiarrarena miresmen itsua zen. Hasiera hartan, Jagobak pazientzia eskatu zuen, taldeak aurreikusitako martxa hartuko zuelakoan.
Geroztik, entrenatzaileak zalantza guztiak uxatu ditu: taldeak gora eta gora egin du, lidergoa lortu arte. Hori dena, zaletuak zoraturik dituen joko ausarta eta erasokorra erakutsiz. Horri esker, Sadar futbol zelaia garai hoberenetako gotorleku zaratatsu eta alai bihurtu da.
Arrasatek tipo jantzia, pertsonen kudeatzaile ona, lasaia, eta zentzuduna dela erakutsi digu. Hitzak, euskaraz zein gaztelaniaz, ederki neurtzen dakien horietakoa da. Pertsona normala bezain fidagarria dirudi. Gehienok aise erosiko genioke bigarren eskuko autoa.
Atzo, amerikana jantzita ikusi genuen kontratuaren luzapenaz mintzatzeko eman zuen prentsaurrekoan. Aukeran bestelako janzkera nahiago duelakoan nago: txandala Taxoaren, zamarra urdina eta krema koloreko galtzak Sadarren. Eta beti ere, txiklea ahoan bueltaka.
Entrenatzaileen patuak badu txiklearekin zer ikusirik, bueltaka ibiltzen baitira, batetik bestera, baloi apetatsuaren esanetara makurtuta. Izan ere, baloia batzuetan sareetara doa, besteetan zutoinera. Eta horrek entrenatzaileen geroa baldintzatu egiten du.
Batek daki, beraz, noiz arte izanen dugun Jagoba gure artean. Argi dagoena da Lekeitioko tabernariak arrazoi zuela: Jagoba tipo jatorra da eta oso entrenatzaile ona.