Bost urtez aritu nintzen lanean Iruñeko Erorien monumentuaren pare-parean, irrati batean. Erredakzioan idazten ari ginela, zaila zen kontzentrazioa galtzea leihotik begira hasita. Hobe zen testuari begirik ez kentzea, bestela Frankismoaren sinbolo handi bezain itsusiarekin topo egiten genuelako. Kafetxo bat hartzera joaten ginenean ere, hura saihestu beharra zegoen, buelta handia eginez, arkitektonikoki ere traba besterik ez baitzuen egiten.
Iruñeko Udalak, behingoz, ingurunea aldatu nahi du. Lehiaketa antolatu eta hainbat arkitektok ideia batzuk eman omen dituzte. Bakar batek eskaini du nire gustukoena. Soluziorik merkeena da, lehen fasean arkitektorik ere behar ez duena: eraikina bota eta bertan bizi diren mamu guztiak desagertu direla frogatu. Ondoren, lasai-lasai, ingurune horretan zer egin eztabaidatzen has gintezke.