Bizitza honek eskaintzen dituen plazeren artean zinema dugu. Aitzinean pantaila handia eta zu besaulki batean jarrita, goxo-goxo, hastear dagoen istorioa bizitzeko prest. Film on batek opari ematen digun ordu eta erdiko plazera berdintzea zaila da. Eta hori dena zortzi euroren truke. Batzuek zinea garestia dela esaten dute. Liburuekin gertatzen den bezala, pelikula on bat oso merkea da.
Pasa den asteburuan, “Green Book” ikustera joan nintzen. Gozatu egin nuen. Istorio atsegina da, bi protagonisten lana zoragarria, adiskidantzaren aldeko aldarria hunkigarria. Aretoa gainezka ikusteak ere poztu ninduen, pantaila handiko zineak etorkizunik baduela erakusten duelako.
Eta sermoi baikor honek ez du bainarik? Bai, jakina. Krispeten hotsa eta sakelakoen argia, alegia, ikusle askoren edukaziorik eza. Bestela, ederki, plazer handi bat.