Egunkaria zabaldu eta pankartadun protestaren bat ikusten badut, lehenbizi pankartari erreparatzen diot. Nork bere ohiturak ditu, edo obsesioak, nahiago baduzue. Lehenengo egunean, horixe egin nuen mediku sindikatuaren kontzentrazioari buruzko albistea ikustean. Begiak zuzenean pankartara joan ziren, testua gaztelania hutsean zegoela baieztatzeko.
Batzuentzat huskeria izan daiteke pankarta zein hizkuntzetan idazten den. Niretzat, ordea, esanguratsua da oso. Niretzat eta komunikabideen aitzinean agertzen diren guztientzat, horretan kasualitaterik ez baitago.
Hona urteetako azterketaren emaitza: oraindik, tamalez, luzeegia da euskararik gabeko Nafarroa islatu nahiago dutenak. Horien artean, alderdi bozkatuena, sindikatu batzuk, Enpresarien Elkartea, Merkataritza Ganbera, Justizia Auzitegiko ordezkariak, elizako buruak eta, esan bezala, medikuen sindikatua.
Ez al da arraroa euskararik gabe Nafarroa? Aipatutakoentzat, batere ez.