Mugikorra gure gorputzaren zati bihurtu da. Hura gabe ez dakigu bizitzen. Nik barre egiten nien lankide batzuei, komunera ere mugikorrarekin joaten direlako. Telefonoa pare bat minutuz mahai gainean uzteagatik ez zela deus pasatzen uste nuen.
Lankide horiei barre egiten niela esan dut. Atzo arte. Erresonantzia baten esperoan nago, nire belaun minduaren barnean zer dagoen eta lesioa gainditzeko zer egin daitekeen jakiteko.
Atzo, lankide baten bulegora joan nintzen, telefonoa mahai gainean utzita. Bost minutuko kontua. Bueltatzean, dei galdua ikusi nuen. Hasierako zenbakiak 848 ziren. Joder! Osasunbidea. Berehala deitu nuen.
-Telefono horretatik dei bat jaso berri dut.
- Erresonantzia baten esperoan al zaude?
- Bai.
- Begira, hutsune bat zegoen gaur bertan, arratsaldeko hiruretan, eta horregatik deitu dizugu, gaur bertan egiteko. Deia hartu ez duzunez, beste bati deitu diogu.
Zer esanik ez dago: atzotik komunera ere mugikorrarekin joaten naiz.