Nafarroako Gobernuak Arturo Campion, Herminio Oloriz eta Julio Altadill omenduko ditu urrezko domina emanez.
Berandu dator omenaldia, hil zirenetik ia ehun urtera. Hobe berandu inoiz ez baino, noski.
Nik lantokia dudan etxean aritu ziren hirurak, Monumentuen Batzordean, Nafarroako ondare historikoaren aldeko lanetan; erreinuaren galera gogoan, Nafarroaren historia aldarrikatu eta eskubide historikoen defentsa egin zuten; herri eta hiztun asko galtzen ari zen hizkuntza bultzatzeko Euskara Elkargoa sortu zuten. Nafarroako lehen museoa ere martxan jarri zuten. Taldeka eginiko lanari bakoitzaren ahalegina gehitu behar zaio, beti ere kultur arlo diferentetan: literaturatik argazkigintzara.
Eta horrez gain, Nafarroako bandera zor diegu. Kontuan hartzekoa, noski, baina merituen sailkapenean ez dut uste azpimarragarriena denik.
XIX. mende amaierako urrezko belaunaldiaz ari gara. Nafarzale bezain euskaltzaleak, Nafarroa ofizialak guztiz ahaztuta izan ditu gerratik orain arte. Horrexegatik: euskaltzaleak zirelako.
Berandu dator omenaldia, baina badator. Bazen garaia.