Mendiak behar du, eta zelaiek, laborari eta nekazariek. Onddo biltzaileei ere ongi etortzen zaie. Eta oinetako saltzaileak horren esperoan zeuden. Ni horietako baten semea izanik, badakit oinetako saltzaileak ere zerura begira bizi direla, hark iragarritakoak zer ikusi handia izaten baitu salmentetan.
Arropa dendetakoak ere berdintsu zebiltzan, udazkeneko generoa saltzen hasteko; eta euritako-saltzaileak, noski. Irailaren erdialdetik karriketan ditugun gaztaina-saltzaileei ere ez zaie gaizki etorriko; kafetegietako jabeentzat ona izaten da; hirian gelditzen diren zinema areto gutxi horiek betetzeko ere funtsezkoa da; eta autobusetan ere jende gehiago dabil hura agertzen delarik. Zer esanik ez dago: eskas dabiltzan ibai eta errekek ere eskertu egiten dute haren presentzia.
Euriaz ari naiz. Hiri honetan hain gurea, gugandik hain urrun azken bolada luzean.
Atzo bueltatu zen, jende askoren pozerako. Ongi etorri.
Asteetako hutsuneak argi erakutsi digu behar zaitugula.
Izan ere, euririk gabekoa ez litzateke Iruñea. Eta guk, noski, Iruñea dugu maite.