Haurtzaroko uda bizi ezazue!

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2017ko eka. 15a, 12:44

Badira sekula ikasten ez ditugun lezioak. Horietako bat unean unekoa bizitzen ikastea. Aholkua hamaika aldiz entzun bai, geure buruari kontuan hartuko dugula agindu ere, baina alferrik: atzera begira askotan, etorkizunera ere behar gehiagotan. Kontua da unean unekoa ziztu bizian doakigula, konturatu gabe, ekainaren erdia joan zaigun bezala.

Gustuko dut ekaina, haurra nintzenetik, agian orduko oroitzapena oraindik ere nigan dagoelako. Ekaina hilabete oparoa zen, eskuzabala. Hasi eta berehala, eskolako ordutegia murriztu eta piszinako garaia ekartzen zigun. Hilabete erdira heldu eta oso hurbil ikusten genuen Sanjuanetako helmuga, kurtso amaierakoa. Haurtzaroko uda luze-luzearen hasiera gozoa zen hura.

Dakizuenez, oraingo kurtsoak eta udak eta bizitza bera ere askoz azkarrago doaz. Irratiko kurtsoa ere berehala amaituko da niretzat, hauxe baitut azken telegrama. Bada, azken eguneko azken esaldian haurtzaroko uda opa nahi dizuet guztioi: orduan bezala, luzea izan dadila, oparoa, gozoa, ilusioz eta emozioz beterikoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!