Zapi gorria

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2017ko mai. 11a, 12:30

Nork bere obsesioak ditu, auskalo noiz, nola eta zergatik sortuak. Arrazoitik urrun dauden kontu nahiko ilunak dira. Hobe, beraz, adibide pare bat aipatzea.

Urtero, kurtso hasierako gau batean, tuno batzuk gure etxe ondora etortzen dira, erresidentzia batean bizi diren neskei “Clavelitos, clavelitos” kantatzera. Eta urtero sutan jartzen naiz, sutan jartzen naute. Behin leihoa zabaldu eta oihuka ere hasi ez nintzaien ba, gu gauez torturatzeko eskubiderik ez zutela gogoratuz.

Doinuaren ondoren, irudia. Argazkia Iruñeko aireportuan dago egina. Erromara doan talde bat da. Adinekoak eta emakumezkoak gehienak, moja batzuk horien artean. Erdian, irribarretsu, artzapezpiku jauna. Ezetz asmatu zer duten guztiek lepoan: bai, zapi gorria. Ez dakit zergatik, baina irudiak lotsa eta nazkaren arteko sentsazioa eragiten dit.

Talde batek nafar guztiok defendatzen dugun bandera defendatu nahi duela dio. Manifestaziorako deiarekin batera idazki bat plazaratu dute. Lasai irakurri dut, azken esaldira heldu arte. Eta hor, taka, ustekabeko sastakada: manifestaziora zapi gorria jantzita joateko gonbitea.

Esana dut hasieran: nork bere obsesioak ditu, lotsa eta nazkaren arteko sentsazioa eragiten diguten kontuak. Nire kasuan, tunoak eta edozein aitzakiaz baliatuz zapi gorria lepoan janzteko ohitura.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!