Duela 56 urte, nik lantegi dudan eraikinean, Diputazioak gerra ondorengo lehen euskaltegi publikoa martxan jarri zuen, Pako Tirapu eratsundarraren zuzendaritzapean.
Garai hartan sortu berria zen Iruñeko Udal dantza taldeko dantzari batzuek izena eman zuten Euskaltegi hartan, horien artean Javier Garaikoetxea Urriza. Garaikoetxea iruinsemea, arotza eta hamar seme alaben aita, herenegun hil zen, 87 zazpi urtetan. Gaur eginen da haren aldeko elizkizuna.
Garaikoetxea hamaika saltsatan ibilitako gizona izan da: ikastolen hasiera zailean, Napardiko kide eta presidentea, Larrainakoa, arotzen ordezkari hainbat prozesio eta ekitalditan, pilotazalea. Seme-alabek bere egin duten kantu eta musikarako afizioa ere azpimarra genezake. Baina nik, hil berria gogoan, 20 urteko gaztearen euskaltzaletasuna azpimarratuko nuke. Hark aitaren hizkuntza bereganatu nahi zuen, katea eten ez zedin, ondoren altxor hori seme-alabei eskaintzeko.
Eta halaxe egin zuen. Tirapurekin hasieran, Arantzazuko frantziskotarren egutegiarekin gero, egun bakoitzari zegokion istorio, kontaketa edo txistea txintxo-txintxo irakurriz, euskara lantzen segitzeko. Internetik gabeko garaian zailagoa zen euskaraz ikastea. Gogoko tokian, ordea, aldaparik ez.
Javier Garaikoetxea, Iruñeko lehen euskaltegiko ikaslea. Euskaldun eta euskaltzalea. Gutako bat.