Ze arraroa, ezta, euskararik gabe Nafarroa. Nafarroako Ikastolek horixe aldarrikatu zuten Vianan 1992ko Nafarroa Oinezen, eta mezu bera erabiliko dute heldu den igandean, Lodosa eta Vianako ikastolen aldeko festan.
Arraroa litzateke, bai, euskararik gabeko Nafarroa. Arraroa, oso arraroa biztanleriaren herenarentzat, gutxi gora behera: euskaldun eta euskaltzaleentzat.
Beste batzuek, aldiz, lasaitu ederra hartuko lukete hemendik euskara desagertuko balitz. Hori ere onartu beharra dago.
Eta bada hirugarren talde bat, bien artean bizi dena, agian biztanle kopuru handiena hartzen duena: ez dira euskaltzaleak, ez dira euskararen aurkakoak.
Orain, nafar instituzioetatik, lehen aldiz, aldeko haizea sumatzen denean, talde hori oso kontuan hartu beharra dagoela iruditzen zait, horietako asko guregana erakar ditzakegulako mezu hau helaraziz: euskararik gabeko Nafarroa arraroa ez, oso tristea, penagarria litzateke, galera ikaragarria.
Funtsezkoa da mezu horretan asmatzea. Batez ere, haizearen norabidea aldatuta ere, duela gutxi arte ezagutu ditugun eraso onartezinak garai bateko amesgaizto bihur daitezen. Orain sendotzen ari diren aurrerapausoetan atzera egitea ezinezkoa izan dadin.
Itxura guztien arabera, gutxienez, hiru urteko epea dago horretarako. Nire ustez, merezi du horretan buru-belarri aritzea eta argi jokatzea.