Iruñeko Udalak igorritako idazki bat jaso dugu etxean, alabari zuzendua. Igandeko hauteskunde eguna da gaia. Udalak zozketa egin zuen egun horretan lan eginen duten biztanleak aukeratzeko, eta alabaren izena zegoen zerrendan. Bigarren ordezkoa zenez, lasai zegoen. Udaletik jaso duen idazkiari esker badaki sailkapenean gora egin duela: orain lehen ordezkoa da, horretarako aukeratu zutenak ezin baitu lan hori egin. Titularrak huts egiten badu, beraz, alabak igandean lan egin beharko du.
Eta zer dela hau dena? Ba Barcinaren garaiko idazkia delako. Sei lerro dira, den-dena gaztelania hutsean idatzirik. Eta goian dagoen helbidea ere, berdin: erdara hutsean.
Euskaraz dagoen bakarra logotipoak dakartzan bi hitz: Iruñeko Udala. Eta hor ere, Iruñea Pamplona baino askoz txikiago.
Ongi dago Iruñeko agintari berriek Olentzerori ongi etorria ematea, baina nik aukeran bestelako aldaketak nahiago nituzke. Horietako bat, idazki guztiak euskaraz jasotzea. Bada garaia Iruñea Pamplonaren parean jartzeko, logotipotik hasita. Ahalik eta azkarren eta aitzakiarik gabe.