“Eskolan ikasten den leziorik garrantzitsuena da garrantzitsuena ez dela eskolan ikasten”. Ez dakit nori irakurri nion hori, baina bat nator. Eskolak asko eman dezake, baina agian inozoegi jokatzen dugu, seme-alabak geletan sartu eta hortik jakin beharreko guztiaren jabe aterako direla pentsatzen badugu.
Ikasle garaian niretzat tortura hutsa ziren jarduera asko egin behar izan nituen. Preteknologia, izena eta izana gorrotagarriak zituen ikasgaia, bat aipatzeagatik; edo Matematikako problema nazkagarriak, sekula ulertu ez nituen kimikako kontu ilunak…
Eta bat-batean, ikasgai berria ezagutu eta hark liluratu ninduen. Gai bat mahaigaineratu eta horretaz solasean aritzen ginen, nor bere iritzia emanez edo galderak eginez: denboraren joan-etorria, edertasuna, egia, justizia. Horretaz duela mende askotako jakintsu batzuek esanikoa ere irakurtzen genuen. Eta gure harridurarako, testu zahar haiek gaurkotasun handia zuten. Bestalde, ikasgai hartan ez zegoen soluzio argirik, eta hori ere oso interesgarria iruditzen zitzaidan.
Filosofia zuen izena ni liluratu ninduen ikasgaia, orain hezkuntza sistematik kanpo utzi nahi dutena.