Etzi egun seinalatua, alkateak aukeratzeko eguna. Nafarroan gehienak loturik badaude ere, ikusmin handia dago, bereziki Iruñean, UPNk aginte makila utzi eta, lehen aldiz, alkate abertzale batek hartuko duela ikusteko, horren lekuko izateko UPNtik EH Bildura, hori da marka eta saltoa!
Egina omen dago, bai, baina aldaketa hain handia denez, batzuei kosta egiten zaie sinestea. Jende askori entzun diot gauza bera: nik Santo Tomas gogoan, eskua saihetsean sartu arte ez dut sinistuko. Beti egon liteke azken orduko sorpresaren bat, eroskeriaren bat tartean… edo etxetik atera eta, Aranzadiko zinegotzia igogailuan gelditu da, ez atzera ez aurrera.
Izan ere, kosta egiten da sinestea, bai. Duela bi urte norbaitek esan balu posible zela Iruñean EH Bilduk alkatetza hartzea erotzat hartuko zuten, erotzat hartuko genuen. Batzuetan ematen du hemengo politikagintzan ez dela deus aldatzen, edo aldaketaren bat egiten denean, berdin segitzeko egiten dela. Ba, ez. Posible da Gobernuan zein hiriburuan abertzaleek agintzea, oraindik ere batzuei sinestea kostatzen bazaie ere.
Santo Tomasek bezala, eskua saihetsean sartu nahi dute baietz esateko. Larunbatekoa benetako zauria izanen da batzuentzat; izugarrizko poza besteentzat; baina ez pentsa biztanleria horri begira dagoenik: iruindar gehienek betiko martxan segituko dute, udaletxekoari kasu handirik egin gabe, ez baitira zurrunbilo honetan bizi.
Eta alkate berriak zer sentituko du makila hartzean? Ongi ezagutzen dituen Iruñeko istorioei bat gehitu behar zaiela, baina beste batek idatzi beharko duela, historialaria ez baita lekuko protagonista baizik. Eta aurrean sekula irudikatu gabeko erantzukizuna duela. Hori ere pentsatuko duelakoan nago.