Garrantzitsua da galtzen ikastea. Bizitza honetan porrota gauza segurua denez, hobe txikitan ikasiko bagenu. Hori psikologo eta pedagogo guztiek esaten dute. Gurasoon jokaera, ordea, kontrakoa izaten da: gure txikiak, hain txikiak ez direnean ere, frustraziotik babestu nola edo hala.
Galtzen ikasteko horixe egin behar da: galdu. Bizitzaren arlo guztietan: kirolean, politikan… Irabazlearen akats larriena da pentsatzea beti Olatuaren aparrean biziko dela. Oker handia. Ezinezkoa iruditu arren, noizbait eroriko da, edo botako dute.
Galtzea mingarria izan daiteke, konforme. Baina nahiko patetikoa da ikustea bat ez dela gai porrota onartzeko, ez dakiela galtzen. Hobe itxura egitea edo porrotaren alde onari erreparatzea, hori oso kontsolamendu ona izan daiteke.
Gogoratu galtzea irabaztea izan daitekeela, porrota ikasbide oso ona delako. Agian porrotei zor dizkiegu bizitzan ikasi ditugun lezio hoberenak. Eta pentsatzen hasita, porrotaren erakargarritasuna ere aipa daiteke. Literaturan edo zineman galtzailea beti askoz interesgarriagoa da irabazlea baino.
Inportantea da galtzen jakitea, irabazten jakitea bezain inportantea. Eta nik gero eta argiago ikusten dut biak loturik daudela.