Nafarroako ikastolek berrogeita hamargarren urteurrena ospatuko dute aurten. Mende erdi bat Iruñeko Uxue Ikastola martxan jarri zenetik. Lehenbiziko hartan hain gurea den ohiturari eutsi zitzaion: bitan zatitu, eta horren ondorioz gaur egungo bi ikastola handienak sortu ziren: San Fermin eta Paz de Ziganda.
Aukera paregabea dugu, beraz, ikastolen historia eta istorioak gogoratzeko, historiaurrea ahantzi gabe. Batetik, gerra aurreko hiru euskal eskolak Iruñea, Lizarra eta Elizondokoa. Eta ahantzia gelditu den beste bat: gerra ondorengo lehenbizikoa: Agoitz karrikako Irantzu Ikastola, Jose Antonio Mugertzaren ametsa. Bizitza oso-oso laburrekoa, zabaldu behar zuten egunean gobernadoreak itxiarazi baitzuen.
Berrogeita hamargarrena urte borobila da, egokia ikastolen historia eta istorioak gogoratzeko. Eta hausnarketa egiteko: orain arte eginiko bideaz, ikastolek euskarari eman dioten bultzadaz, etorkizuneko erronkez.
Ikastolena da, nire ustez, herritik sortu eta egia bihurtu den amets oparo eta ederrenetakoa.
Zorionak berrogeita hamar urteko historia horretan eta istorio horietan aritu diren guztiei.