Lurretik milaka metrora, egunkaririk ez

Erabiltzailearen aurpegia Fermin Erbiti 2015ko mar. 26a, 14:27

Atzo, egunkariak besapean bi hegaldi hartu nituen Iruñera bueltatzeko. Laneko kontuek urrunera eraman naute azken egunetan. Atsegina da, noizean behin, etxetik ateratzea, hemengoa uztea bestelako giro batean murgiltzeko: paraje ezberdinak, gastronomia, jendea, ohiturak, hizkuntza. Betikotik alde egiten saiatuz, parentesi bat egin, arnasa hartu.

Baina, egia esan, gero eta gutxiago gustatzen zait abioia hartzea. Aireportuek estresa sortzen dute, eta azken urteotan martxan jarri dituzten segurtasun neurriek nazkatu egiten naute. Hobe, zuzenean, guztiok biluzik pasatzera behartuko bagintuzte.

Eta, behin abioan sarturik, egoera ez da hobetzen. Estu-estu jarririk zaude, beste bi lagun aldemenean dituzula. Egunkaria ere zabaltzeko aukerarik gabe, aldamenekoak hurbilegi daudelako maniobra hori egiteko.

Pentsatzen hasita,  txoriak ere heltzen ez diren tokian hegan ibiltzea ez da batere naturala, are gutxiago hori jendez beteriko abioitzar batek egitea.

Beste batzuetan egunkariak nola edo hala irakurtzen saiatzen naiz. Atzo, ordea, poltsan utzi eta Sanchez-Ostizek argitaratu berri duen “A trancas y barrancas” liburua atera nuen. Noaingo aireportuan lur hartu, eta orduan  bai, orduan zabaldu nituen goizean erositako egunkariak.

Guztiek albiste bera zekarten azalean: nik lurretik milaka metrora inondik ere irakurri nahi ez nuena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!