Zahartzen garenean ere -batzuei aunitz falta zaigu- denok izanen dugu gogoan 2020. urtea. Ez da bakarrik izanen koronabirusaren urtea. Aita edo ama, edo biak, laguna, anaia, ahizpa galdu genuen urtea. Halakok eta halakok negozioa itxi edo lanpostua galdu zuen urtea. Bi hilabete -edo gehiago- etxean giltzapeturik eman genituen urtea. Iruñean, horiez guztiez gain, sanferminik gabe gelditu ginen urtea izanen da 2020a. Hurrengo hilabeteetan, hiri honetan, besta ez da karrikan izanen, psikologoen kabineteetan baizik; irekitzen dituztenean, behinik behin. Erabaki logikoa dirudi gauden honetan. Hala ere, ika-mika dabil sareetan. Eta eskuinak, bere leloa: Sanchezek, Iglesiasek, Chivitek, Barkosek utzi gaituzte sanferminik gabe. Munich-eko Octoberfest eta Edinburgoko festibala bezala; horiek ere aurten huts, Sanchezen, Iglesiasen, Chiviteren eta Barkosen erruz, nonbait. Berriz, irailean, sanfermin txikiak handiagoak baldin badira, Maya jaunaren merezimendu. Dudarik ez egin.