Aholkatzen digute sarean dabiltzan omen gaiztoei kasurik ez egiteko. Gero eta jende gehiagok dio, haatik, zifra ofizialez ere ez fidatzeko, koronabirusak akabatuak aise ere gehiago direla, baita kutsatuak ere. Hori ere, dena dela, omen gaizto bat izan daiteke. Zer egin, ordea, agintari politikoek edo administrazioaren arduradunek ziurtasun osoaren itxuran erraten digutena, omen hutsa izan daitekeenean? Horra maskaren kontua. Hasieran, baietz. Gero, ezetz; ez zela beharrezkoa jende arruntarendako. Bada, hori ere omena, nonbait; gaiztoa edo zintzoa, ezin jakin. Gero eta leku gehiagotan irakurtzen ari gara, konfinamendua noizbait bukatuko bada ere, bakoitza gure maskarara jantzirik atera beharko dugula karrikara. Noski, farmazian emanen dizkigutela maskarak, gure osasun txartelean txertatuta, medikuaren aginduz hartu behar ditugun gainerako botikekin batera. Baina horretaz ere sobera ez fidatu, kazetariok eta gisa bereko jendilajeak omenka aritzeko ohitura gaiztoa baitugu.