Paleto. Nola erraten da ‘paleto’ euskaraz? Kaiku, trauskil, ezjakin, basati… agertzen da gure hiztegi maiztuenetan. Hurbiltzen zaizkio hitzak gaztelaniaz duen adierari, baina ez dute bete-betean harrapatzen. Paleto baten ezjakintasuna, kaikutasuna, trauskiltasuna, basakeria, bere bizilekuari eta bizimoduari loturik daude. Baserritarkeriarekin du ikusteko. Nafarroa Beherean, “gilen” erraten zioten halako bati. “Gilen bat agertu da”. Martin ere erabili izan da, hartzari ere dagokion izengoitia, seguru aski haren ibiltzeko manera eta bordariarena berdintsua delakoz. ‘Martintzar’ maite dut, Nafarroan erabili izan dena, eta, ‘gilen’ bezala, gure hiztegi kanonikoetan agertzen ez dena. Isabel Díaz Ayusok, Madrilgo Erkidegoko lehendakariak halakotzat jo ditu nafar nortasunean sinesten edo hura sustatzen dutenak: gilentzat, martintzartzat. Katalanak, leondarrak, baleartarrak zaku berean sartu ditu. Eta horrek berehala ekarri die Kataluniako, Leongo eta Balear Uharteetako politikarien erantzuna. Nafar nortasunaren defendatzaile nagusia den alderdiko politikariek, berriz, isilik zirauten lerro hauek idatzi orduko. Martintzar lotsatu eta akonplejatu batzuek bezala.