Alarma hotsa Diario de Navarra-ren gaurko lehen orrian: “Laukoa euskalduntzen ari da Iruñeko udal bizitza!”. Argazkian, Geltoki izeneko espazioa, lehengo autobus geltokian. Edizio digitalean lehenbiziko hiru lerroak baizik ez dira irakurtzen ahal eta oraindik kaferik hartu ez dudanez, ez dut eskura izan kafetegian izaten duten alea. Jakin-mina dut, hala ere, zerrenda irakurtzeko. Uler daitekeenez, Diario de Navarran kexu dira lau urte hauetan Udalak euskal izenak erabili dituelakoz, udal programak, eraikinak eta are Internet kontuak bataiatzeko. Zer eta euskara, Iruñeko biztanleen %90 baino gehiagoren ama-hizkuntza gaztelania delarik. Libertigarria da irakurtzea egunkari horren irakurle batzuen erreakzio sumindua. Nonbait, izen horien “inposizioarekin” euskaldunak garela sinetsarazi nahi diete bai bertakoei bai kanpotik etortzen direnei. Bada horien guztien ezabaketa eskatu duenik, Navarra Suma heldu den maiatzean gailenduz gero. Baina, hasian hasi, zergatik gelditu Laukoak ekarritakoetan. Iturrama, Mendebaldea, Arrosadia, Lezkairu, Mendillorri, Erripagaina, Arrotxapea, Errotazar, Mañueta, Lindatxikia, Etxabakoitz, Larrabide, Euntzemehar, Erletokieta... Hor ere bada zer ezabatua. Ene bada. Irabazten badute, geografia ere aldatuko digute.