Bukatu da Huerta de Peraltako greba, ia-ia hilabete baten ondoan. Ez da langileen eta haien ordezkari sindikalen eskakizunen %100 lortu. Bai, ordea, mahai gainean jarritako gehiena. Horrela izaten da maiz, lan-harremanen mundu korapilatsu eta batez ere desorekatuan. Aunitz borrokatu behar izaten da nahi duzunaren erdia lortzeko. Jakin behar da zure indarrak neurtzen noiz irmo noiz malgu jokatu ahal izateko. Huerta de Peraltako greba ez da, dena dela, gure inguruan ikusi ditugun bertze greba batzuk bezalakoa izan. Huerta de Peraltakoa zerbaiten ikur izan da. Marra bat ezarri du lurrean, orain artekoa eta hemendik goitikoa ederki bereizten duena. LAB, sindikatu abertzale bat, greba baten gidaritzan non eta Azkoienen, Erribera sakonean. LAB, sindikatu abertzale bat, noren eta gehien-gehienbat magrebiarrez osaturiko kolektibo baten defentsan. Erribera eta emigrazioa, abertzaletasunaren bi kezkari erantzun onuragarria ematen jakin du urtarril honetan euskal sindikatuak. Guztiendako ikaskizun. Ez dakit horren balioaz ohartu garen. Diario de Navarra bai. Poliki aritu baita grebalariak eta sindikatua belzten azken asteetan. Poliki, alarma jotzen, noraino eta abertzaletasunaren eta islamismoaren aliantza ilunaren mamua astintzeraino.