“Ez duzu buruan daukazun guztia zertan erranik”. Areago, “ez duzu buruan daukazun guztia erran behar”. Eta are areago, “ez zaizu komeni buruan daukazun guztia erratea”. Oro har, bizitzarako balio duen hori lehen kapituluan dator politikaren edo gizartegintzaren eskuliburuan. Atzo, alabaina, arruntik ahantzi zitzaion Pachi Mendibururi. Hara zer jaulki zuen Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Politikaren kontrako manifestazioaren deitzaileen bozeramaileetako denak: “D eredua Erriberan ezartzea diskriminazioa da. Defizienteak eta immigranteak kentzen dituzue gainetik, eta ‘guay-ekin’ gelditzen zarete, eta gainera ordainduta”. Ez dakit zenbat ‘defizientek’ eta zenbat immigrantek joan behar zuten larunbatean manifestazio horretara. Garbi dago haien antolatzaileek ez dituztela gustuko, ez bederen beren seme-alaben ondoan, ikasgela partekatzen. Ateraldia larrutik ordaintzen ari dira bai Pachi Mendiburu bai manifestazioaren antolatzaileak. Kontrakoak ederki probesten ari dira bata nahiz bertzeak egurtzeko. Ederki merezita. Aho-bero halakoak. Fatxa alaenak. Baina orain, inork aditzen ez digula, beharbada gu ere oroituko gara egun hartan, semea edo alaba zer eredutara eraman zalantzetan zebilen aita edo amarekin izandako solasaldiaz. Eta nola, argudioak akitu zitzaizkigularik, aho-azpiz erran genion: “eta gainera, ikaskide guztiak hemengoak eta arazorik gabekoak izanen dira”. Beharbada, Mendiburuk, nahi gabe, D ereduaren aldeko propaganda egiten ari zen.