Gaur goizean, Diario de Navarrak ez zuen bere poza ezkutatzekoa: “Nafarroako familiek PAI hautatu dute berriz, publikoak gora egin du eta euskarazko irakaskuntzak behera”. Kontent, demonio. Bai, alajainkoa. Diario de Noticiasek, berriz, sare publikoaren gorakada baizik ez du nabarmendu bukatu berri den aurrematrikulazioan. Albiste txarra jakiteko letra ttiki-ttikietara lerratu behar begiak. Nonbait, ez gaude irakurri nahi ez ditugunak irakurtzeko prest, ezta entzun nahi ez ditugunak entzuteko prest ere. Begiak itxi eta belarriak gortu ordez, geure buruari galderaren bat eginen diogu bederen. Beharbada ez gaude euskarak behar lukeen testuinguru politikorik hoberenean, baina bai inoiz izan duen hoberenean. Datu objektibo bat da. Beraz, galdera da nola den posible euskarak inoiz izan duen testuinguru politikorik hoberenean, gora egin beharrean, behera egitea, puntu bat baino gehiago, euskararen aldeko apustua egiten duten aita-amen kopuruak. Beharbada, egin behar zutenek ez dute egin beharreko guztia egin, eta ez naiz bakarrik Nafarroako Gobernuaz ari. Beharbada, egin dena ez zen egin behar zena, bertze zerbait baizik. Beharbada, egiten dena egiten dela, hutsaren hurrengoa da eragiteko ahalmena. Aztertu behar luketenek aztertuko dute agian. Ondorioak atera behar lituzketenek aterako dituzte agian. Eta berriz diot, ez naiz bakarrik Nafarroako Gobernuaz ari.