Etika eta estetika

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Epaltza 2018ko ots. 7a, 11:40

Gauza aunitz idatzi dira bi hilabete honetan azken bertsolari txapelketaren finalaren harira. Artikulu bat baino gehiago, egun hartan botatako bertsoekiko identifikazio kolektiboaz. Gaur egun euskaldunok nagusiki partekatzen dugun erreferente estetikoa eta etikoa ikusi dute hainbatek BEKen bertsolariek kantatutakoan. Hori neurri batean egia baita, konprenitzekoa da euskaltzaletasun politiko nahiz kulturalaren hoztasuna Amaia Romero kantari nafarraren arrakastaren aitzinean. Bertsolari Txapelketa Nagusitik “Operación Triunfo”ra dagoen salto estetikoa eta arrakala etikoa nolakoa, halakoa ere bi protagonisten arteko aldea. Maialen Lujanbiok bere bertsogintzan eta bere plantan haragitzen duen guztiaren kontrakoa dirudi Espainia Eurovisionen ordezkatuko duen gazte iruindarrak. “Diario de Navarra”, bertzeak bertze, horretaz ohartu zelako hasi zen Amaia Romeroren aparretik, fenomeno mediatikoa hauspotzeaz gain, etekin politiko-ideologikoa ateratzen ahal zitzaiola ikusita: Amaiak aproposa zirudien nafar on eta behar bezalakoaren irudia emateko. UPN, enchanté de la vie, igo da orgara. Bota dezala txupinazoa. Kontuak izarrei begira harrapatu du orain agintean-edo dagoen euskaltzaletasun politiko nahiz kulturala, eta arazoa kudeatzen asmatu beharko du. Nolanahi ere, bi kontu: denak eskanerra pasatzen ari bazaizkio ere, beharbada gerta liteke Amaia Romero ez izatea hain nafar on eta behar bezalakoa. Eta bigarrena: “Operación Triunfo”n bezala, Txapelketan ere badago antzezte puntu bat. Eta seguru nago abenduaren 17an finala BEKen zuzenean nahiz ETBtik segitu zutenetariko bat baino gehiago egon dela egun hauetan Amaiaren xaramelekin liluratua. Gure ordezkariek Amaiaren gurdira igo behar badira, nire baimena dute. Ezin beti haize-kontra egon. Gainera, denak gara mestizoak, eta pixka bat gezurtiak, estetikan eta etikan ere bai. Gaur luze joan zait, baina luze joko du honek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!