Nire suhi perutarra hainbat konturi erreparatu zion bere herritik Iruñera etorri zenean, harendako txundigarriak. Bertzeak bertze, trafikoari. Zeinen ongi antolatua eta lerrokatua, zeinen isila, zein errespetu handikoa. Nire suhi perutarrarendako bereziki miresgarria zen zebrabide batera ailegatzea eta ikustea nola autoak seko gelditzen ziren, bera eta bera bezalako oinezkoak pasa zitezen. “Ikusi ni –azaltzen nion, harro-harro, lehen munduko herritar- ez nauk espaloi ertzean segundo bat ere gelditzen, ezta aldeetara begiratzen ere. Trankil pasa haiteke, geldituko dituk-eta”. Zer desberdinak, gauzak, Perun, haren herrian. Han autoa galtzadako erregea da, hirian ere bai, eta pasatu nahi duen oinezkoak hobe du begiak ongi-ongi luzatzea bi aldeetara, zanpatuko eta txikituko ez badute. Urte hasieratik hona hiru lagun lehertu dituzte Iruñean, ibilgailu desberdinek zebrabideetan harrapaturik. Eta bat-batean beldurra sartu zait, ea nire suhia bere aitaginarrebaren aholku harroei zorrotzegi segitzen ez ote dien. Bertzenaz umil-umil joan beharko baitut harengana eta azaldu gure lehen mundu diesnailandiko honetan ere zakurrak oinutsik ibiltzen direla, eta auto-gidariak itsuturik, hiltzaile bilakatzeko prest.