Beldurra. Horra zertaz mintzatzen hasi diren 5 eta 6 urteko haurren gelan. Beldurraren gainean. “Zerk ematen dizue beldurra?” galdegin die andereñoak umeei. Andereñoak uste du erantzunen dutela: iluntasunak, edo bakarrik egoteak, edo aita-amak hiltzeak. Hara zer erantzun duen haur batek: “niri pailazo asesinoek ematen didate beldurra”. Eta ondokoak, “niri ere bai”. Eta haratakoak, “niri ere bai”. Eta honatakoak. Eta guztiek, azkenean. Guztiei, “pailazo asesinoek” ematen diete beldurra. Andereñoak, orduan, bere baitan: “neska-mutiko gaixoak, noraino bizi diren telebista eta interneten eraginpean, jende guztiak daki pailazo asesinoak ez direla existitzen”. Baina gaur goizean, villavesan, irratia pizturik dago, eta Estatu Batuetako hauteskundeez ari dira, eta andereñoa beldurrez ailegatu da ikastolara. Bat-batean ohartu da bere ikasleak zuzen zeudela, pailazo asesinoak existitzen direla, eta lehendakariak izan daitezkeela, lehendakari ahalguztidunak, munduan arma atomiko gehien dituen herrian.