Beasaingo herritik dator notizia

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Goikoetxea 2020ko eka. 9a, 15:45

Izan zitekeen Pasaiako, baina Beasaingo herritik dator gaur notizia, tira notiziak ez dira gaurkoak baina nik gaur jarriko diet ahotsa eta sinadura. Izan ere, hautsak, polenak, birusak, bakteriak eta gainerako zomorro txiki guztiak astindu dituzte dagoeneko zuen begi-belarrietara diren eta ez diren komunikabide ezeberdinetan behin eta berriz zabaldutako irudiek. Eta jakina, ni ez naiz zurigarri ez diren jarrerak irintzen hasiko, festetako lehen eguneko irudi eta jarrerak ez dira onargarriak eta gaitzetsi beharrekoak eta mingarriak dira guztiz; nik hala sentitu nuen, behintzat, eta halaxe helarazi nion biharamun goizean, guztion ahotan eta begi aurrean izan den zinegotzi ohiari, laguna baitut, eta areago mindu bainau herrian sekulako lana egiten baitu, bai udalean izan denean eta baita aurretik ere, konpromisotik, maitasunetik, beti aniztasunaren eta behar gehien dutenen alde. Hankasartze galanta egin zuen eta halaxe jakinarazi nion, Eta baietz esan zidan, oso damututa zegoela eta dimisioa emango zuela, eta zegokion bezala berehala onartu zuen bere hankasartzea barka-eske dotore batekin eta bere kargua utzita. Hori ere aipatu beharko dugu, ezta? Izan ere, gure jendarte honetan ez da batere ohikoa neurriak urratzen direnean, lapurretan harrapatzen gaituztenean, legea urratzen dugunean umil-umil onartu, barkamena eskatu eta bainarik gabe kargua uztea. Raxoi, Castroko egonaldiak eta gaineratikoak isilago joan dira eta nik ez diet baina eta zuritu gabeko ez bestelako damu eta barkamen hitzik entzun.

Eta gauzak diren bezala esan behar dira, Maddi, hankasartze ikaragarria egin zuen pertsona zoragarri bat da, herriaren eta herritarren ongizatearen alde, trans zikloak ontzen, borroka feministan eta gainerakoetan berarekin eskuz esku aritu garenok ondo dakigu hori.

Bestetik, harrigarria eta kezkagarria da irudi bakar batek antzeko beste zenbat ezkuta eta ahantzaraz ditzakeen. Izan ere, bai Beasainen, bai inguruko herri, hondartza eta terrazeta,n bai egun horren aurretik, egun horretan bertan eta baita ondoren ere ikusi ditugun eta ikusten ari garen irudiak lotsagarriak dira. Koadrillak elkarren gainean segurtasun neurriak errespetatu gabe, lagun-taldeak futbolean, musukoa behar denetan ere ia inor ez jantzita daramala…Baina hori bai, norberak ez bete eta besteei betearazi, eta nola gainera! Eta damutu, barkamena eskatu eta kargua utzi arren, behin eta berriz urlia txikitzen jarraitu. Hemen erantzukizunak eta ardurak guztiok ditugu eta izan ditugu. Egun horretan bertan arratsaldeko seietan terrazak jendez lepo omen ziren, zegokienei abisua pasata, baina ez zen erabaki hezigarririk hartu egoerak aurreikusi eta gertatu zirenak saihesteko. Izan ere, festak ospatzeko moduan ez bagaude, ez gaude eta kito, eta ezin zaio ezelako zirrikituri bide eman, ez baina bai, bai baina ez.

Bestetik, eta bukatzeko, eta irakaslea naizen aldetik, ulertezina zait gure ikasleak kalean 20ko taldeetan futbolean, elkarren gainean, muxuka, elkar besarkatzen  ikusten ditugun bitartean, ikustea 3 hilabetean ez garela gai izan modu mailakatu eta antolatuan eskolaratu eta behar bezala agurtzeko. Guk behar dugu eta ikasleek ere bai. Segurtasun neurriak betez, elkarren ahotsak laztandu, bi metrotatik elkar besarkatu, partekatu dugun ikastetxean. Kalean ezer gertatuko ez balitz bezala bagabiltza, ume, haur, gazte, heldu, ez ote gara gai izango taldeka, banaka, agurtzeko bederen eta protokolo guztiak betez ikastetxean behingoz lanean hasteko? Argi dago lehentasunak zein diren “aurrera” doan herrian. Eta hiru hilabete eder izan ditugu hausnartzeko, prestatzeko, antolatzeko, baina ez, guk nahiago baitugu garai batean bezala ekaina irailerako utzi. Pendiente.

Berriz ere etorriko dira notiziak Pasaiatik, Beasaindik, Castrotik eta Mariren damazulotik, eta jarriko dizkigute koplak eta bertsoak ez garelako gai izango irailean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!