Bederatzi-hamar urte nituela jarri nuen lehenengo belarritakoa ile kizkur luze
samarrak erdi ezkutatzen zidan ezkerreko belarrian. Hamar urte nituela eta
80ko hamarkadan. Neure memoriak oroitarazita eta gurasoek kontatuta dakit
umetan, Guardiara oporretan joaten ginenean-eta, nire ahots fin-fina entzun eta
ile kizkur luze samarra eta belarritakoa ikusita, batek baino gehiagok neskatzat
hartzen ninduela: “Qué chica más bonita” eta “Ay que maja”. Nik, ordea,
NAIZEN hau zergatik NAIZEN hausnartu eta erabaki ez dudan honek, oraintsu
arte beti ondorioztatu dut: zakila dut, beraz, mutila naiz.
Orain nor NAIZEN galdetuko balidate, Edurne Pasaban, Miguel Indurain, Zuriñe
Hidalgo, Alex Sardui, Karlos Arguiñano, Itziar Ituño, Pedro Miguel Etxenike,
Patricia Gaztañaga eta Aritz Aduriz bezala, gutxienez segundo pare batez
isilduko nintzateke, zer pentsatu oso garbi izan gabe, gutxienez pentsatzen ari
NAIZEN itxurak egiteko.
Baina ez NAHI eta ez IZEN, ez nuke jakingo zer erantzun. Nor NAIZEN
pentsatu, hausnartu eta erabakitzen ez baitit inork irakatsi; nor NAIZEN
pentsatu, hausnartu eta erabaki nezakeenik ere ez baitut jakin orain gutxi arte.
Orain, egiten ari zareten lanari ikaragarriari esker, h-rik gabe haizeak askeago
hegan egiten duela ikasi dugu; orain nor diren pentsatu, hausnartu eta
erabakitzen duten norbanakoak badirela ikusi dugu.
Bidea urratu NAHI ZEN, IZEN izan NAHI zen eta urratsak ematen ari zarete.
Nor izan erabakitzen ikasten ari gara eta hori gutariko bakoitzaren begi-
belarrietan oihartzun txikiak lehertzen asmatu duzuelako lortu duzue. Sekulako
lana egiten ari zarete. Bejondeizuela NAIZEN!