Maroko eta Aljeriako 16 mutil dira. Egoera irregularrean daude baina profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko modulu bat ikasten ari dira.
Irakasleak dio benetako oparia dela talde honekin lan egin izana.
Ezaugarri horiek dituen lehen taldea da leku honetan, eta, besteak beste, Rotxapean dagoen Apoyo Mutuo elkartearen bultzadari esker lortu ahal izan da.
Asmoa da gazteek lanbide bat ikasi ahal izatea gaztelania ikastearekin batera.
Tailerrean ikusten ditut Hamada, Hicham edo Mouhcine, eta uste dut kalean aurkituko banitu espaloiaz aldatuko nukeela. Beldur hutsagatik. Aurreiritziengatik. Arrazakeriagatik. Zer dakit nik!
Baina aurkitzen dudana, gazte batzuk parrez, lanean berehala hasten direla eta irakasleari galdezka hasten direnak. Horrelako taldeetan absentismo handia dago, jendea motxila askorekin etortzen delako, baina talde hau guztiz kontrakoa izan da, ez dira inoiz klasera falta, dio irakasle batek.
Iturgintzako lanak beste edozein talderen aurretik egiten dituzte, eta bereziki errespetuzko taldea dela dio irakasleak. Deigarria egiten zaio, halaber, zein garbiak diren lana egiten eta material guztia biltzen.
Pentsakor irteten naiz handik. Aurreiritzi batzuk erori zaizkit bidean. Badakit ezin dudala orokortu talde honetan ikusi dudana, baina uste dut batzuetan aukera txiki batek ilusioz beteriko ateak ireki ditzakeela. Gustatuko litzaidake horrela izatea baina horrek, bakarrik denborak esango du.