Pobreenak, itsasontziaren goikoaldean bidaiatzen zuten hilabete baino gehiagoz, Ameriketara iritsi arte. Horrela joan ziren Joakin eta Pedro, nire aitaren osabak, Argentinara.
Abaltzisketako baserria utzi zuten poltsikoan txanpon gutxi batzuekin, euskara komunikatzeko modu bakarrarekin, gerra karlistek ekarritako goseari irtenbide bat bilatu nahian.
20 urte besterik ez zituzten eta gogoratzen ditut Iruñean kalejira saharar, nigeriar, venezuelar, senegaldar edo aljeriarrez beteta ikusten dudan bitartean, migratzaileen eguna ospatzen.
Joaquin eta Pedro 30 bat urtez mendian galduta bizi izan ziren ganadua zaintzen. Hilean behin janaria eramaten zieten bizi ziren txabolara. Ezin dut imajinatu bizitza horren gogortasuna.
50 urte inguru zituztenean Tolosara itzuli ziren. Diru pixka bat aurreztu zuten eta familiaren ostatu batean bizi izan ziren, hain zuzen ere, "Nafarren ostatuan".
Baina inflazio altuak medio aurrezkiak amaitu eta nire aitaren etxean hartu zituzten. Aita haur bat besterik ez zen baina askotan gogoratzen ditu.
Joaquinek musean jolasten erakutsi zion, seguruenik bere modua zen Argentinako txabola galdu hartan orduak pasatzeko.
Bi indianoak 80 urte inguruan hil ziren, garai hartan oso ohikoa ez zena. Aitak ohean ikusi zituen azken arnasak ematen, apaizaren bedeinkapena jaso ondoren. Argi dago inork ez duela etxetik alde egiten behar-beharrezkoa ez bada.
Azken finean, gizadiaren historia mugitzen diren pertsonen historia da.