Joan den astean, poliziak, Iruñeko kale nagusian hainbat pertsona bota zituen hutsik zegoen udal eraikin batetik.
Udalak, lehenik eta behin, etxe hori okupatu nahi zuen talde bat hustu zuela esan zuen. Handik ordu batzuetara, aldiz, pertsona horiek aurreko egunetik zeudela eraikinean onartu zuen.
Baina Hipotekak kaltetutakoen Plataformak baieztatu zuen bezala, horietako batzuek 6 hilabete zeramatzate bertan eta kaltetuen arabera poliziak berak esan zien berrogeialdian lasai egoteko leku horretan. Honetaz gain, ez zela legezko protokoloa bete eta etxegabetze bat zuritzen ari zela esan zuen plataformak. Ondoren, elkarte ezberdinek, SOS Arrazakeriak eta Etxegabetzearen Ondoriozko Larrialdi-sareak adierazpen hau babestu zuten.
Bitartean, Udalak ohar bat bidali zuen komunikabideetara, hura hustuketa bat zela esanez.
Gainera, Navarra Sumak asuntoa konponduta zegoela esan zuen, guztiei aterpea eskaini zitzaielako.
Hurrengo egunean, poliziak eraikineko sarrera estali zuen eta bitartean, Noticias de Navarra egunkariko azalean Tomás Pizarro agertu zen, istorio honetako protagonistetako bat. Kexu zen zakurrak bezala tratatu zituztelako eta aterpetxeetan ez zegoelako denentzako lekurik. Gau hartan kutxazain batean lo egin behar izan zuen eta ez zen bakarra izan.
Krisi honek berriro gogorarazi digu denok ez garela berdinak, ez dela gauza bera familia batek txalet batean edo pisu partekatu bateko logela batean konfinamendua pasatzea. Eta gero haiek daude, hierarkia honetako azken mailan. Ez hau ez hamaika krisi gehiago aldatuko ez den zerbait.