Informazioa ala alarmismoa?

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2020ko mar. 24a, 12:30

Egun hauek arraro eta korapilatsu bihurtu dira, baita komunikatzeko ere. Kazetariok, gauzak iristen zaizkigun bezala kontatu behar al ditugu? Eta daukagun informazioa, alarma sortzen badu herritarrengan? Nola izan arduratsu eta gure lana ondo egin?.

Bada, uste dut ez dudala formula magikorik.

Jorge Nagore, Diario de Noticiaseko kolaboratzaileari txiolari batek esan dio aste honetan bere txioak irakurtzeak ilunpetan sartzen duela. Nagore, izugarrizko lana ari da egiten, hemen eta beste herrialde batzuetan ezagutzen diren zifrak aztertuz. Eta noski, batzuetan, datuak oso gogorrak dira. Nagorek barkamena eskatu du norbait horrela sentiarazi badu eta hainbeste informazio txarra tartekatzen edo ezabatzen saiatuko dela esan du.

Duela pare bat egun, kazetari batek esan zidan, nire txio bati buruz, kontuz ibiltzeko antsietateak eta larritasunak elikatzen dituzten mezuekin. Nire txioak egunotan ospitalean lanean ari den erizain baten adierazpenak kontatzen zituen eta honen ondorioz gai honen inguruan hainbat eztabaida izan ditut kazetari batzuekin.

Horietako batzuk, errealitatearen transmisore hutsak garela eta gauzak kontatzen diguten moduan zabaldu behar ditugula diote eta beste batzuk, aitzitik, egunotan alarmismoa sor dezakegula esaten dute.

Baina, alarmismorik sortu gabe gertatzen dena kontatzea posible al da? Errealitatea ikusita, nire zalantzak ditut. Ea ondo egiten dugun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!