Oso gustoko dut Goya sariak ikustea. Ordu batzuez mundu errealetik deskonektatzen naiz alfonbra gorrian murgiltzeko, kuxkuxeatzeko, barre egiteko, hunkitzeko eta une batzuetan baita aspertzeko ere.
Beraz, imajinatu dezakezue zein izan da nire larunbateko plana. Goxo, goxo etxean, telebistaren aurrean, kaleko atea ireki den arte.
Agur deskonexioa. Alaba dator urakan moduan. Erdi haserre, erdi urduri ohiuka sartzen da salan. Lagunekin auzoko plaza batean zegoela, hasi da kontatzen, 30 urte inguruko gizon batek ez ziola hari begiratzeari uzten. Nerabeak etxera joatea erabakitzen duenean, gizona atzetik joaten zaio segika.
Alaba bizkorrago ibiltzen hasten da eta atzeraka begiratzen duenean ez dago inor. Arnasa pixkat hartu eta bat-batean, beste kale batetik agertzen da ezezaguna. Orduan, neskak buelta eman eta bere lagunen bila itzultzea erabakitzen du. Orain bai, korrika egiten. Plazara iristen denerako tipoa desagertu da eta kuadrillakoek etxeraino laguntzen diote.
Eta errealitatera itzuli honetan konturatzen zara gauza batzuk ez direla aldatu, emakume guztiak noizbait pausoa azkartu behar izan dugula ezezagun batek zuri jarraitzea erabaki duelako.
Alaba desagertzen da mugikorretik zintzilik bere lagunekin gertatutakoaz hitz egiteko eta ni, nahiko nazkatuta, alfonbra gorrira bueltatzen naiz, ea nork irabazten duen hurrengo saria.