Mirenek ez daki zergatik sartu zen egun batean Estafetako apustu etxe horretara. Aldiz, ondo gogoratzen du hurrengo urteetan bizitako infernua. Soldata kobratu ahala, guztia xahutzen zuen eta ez zuen ezta txutxeri batzuk ere bere ilobari erosteko, esaten du hunkituta. Miren, orain, Aralar ludopatía elkarteko bolondresa da eta gainezka daudela dio. Elkartera iristen diren gehienak gazteak dira, ikasleak eta kirolariak. Gazte hauek apustu etxeetara hurbiltzen dira baina horietako askok ez dira ezta etxetik mugitzen ere, 24 orduko eskeintza dutelako klik batean euren mugikorretan.
Eta arazo berri honen inguruan sartzen dizkiguten iragarki brutalek ez dute batere laguntzen: gure Carlos Sobera telebistan, irratiko iragarkiak etengabe edo apustu etxeen izenak kirolarien kamisetetan astebururo. Beste aldean, enpresen onurak, adibidez, Osasunak milio bat euro jasotzen ditu urtero Kirolbet enpresari esker.
Bitartean, udaletxe batzuk, Noain eta Zizurkoak, esate baterako, ordenantzak egin dituzte etxe apustuak gelditzeko. Parlamentuan ere ponentzia bat martxan jarri dute baina 6 hilabete pasako dira emaitzak jasotzeko. Handik aurrera, politikoek nahi baldin badute, lege bat egingo dute. Noizko? Ideiarik ez.
Auzoetan, beti bezala, gauzak azkarrago dijoaz. Txantrean, adibidez, aste honetan bertan jakin dugu joku areto bat irekiko dutela eta jada, asanblada egon da eta lan talde bat sortu da. Beti bezala, herria aurretik. Ea bukatzen dugun profesionalek izendatu duten bezala, mende honetako heroina honekin.