Fatimak 4 urterekin ablazioa jasan behar izan zuen. Bere herrian festa mundiala ospatu zen egun horretan. Egun, 50 urterekin, oraindik sufritzen ditu mutilazioaren ondorioak, bai fisikoki baita psikologikoki ere. Beharbada horregatik, goizero ideia finko batekin jaikitzen da. Emakumeen mutilazio genitalarekin bukatzea.
Iruñera iritsi zenean, duela 10 urte, afrikar familiekin harremanetan jarri zen. Gehienak ez zioten kasurik egin ablazioa tabua zelako. Munduko Medikuko kideak ez zuen amorerik eman eta egun, hainbat afrikar bitartekarirekin sentsibilizazio lana egiten du.
Ablazioa jasan duten emakumeekin tailerrak egiten dituzte uler ditzaten indarkeria matxista horren ondorioak. Gezurra badirudi ere, gehienek ez dituzte infekzioak, zistitisak, haurdunaldiko arriskuak edota sexu harremanetan jasaten dituzten minak mutilazioarekin lotzen. Mediku eta erizainekin ere formazioa egiten dute emakume horien beharrak ezagutzeko.
Nafarroan 200 neska inguru daude mutilazio arriskuan. Bere herrialdeetara oporretan joaten direnean gerta daiteke. Baina abian den protokolo batekin gaztetxoek babes handiarekin bidaiatzen dute. Mutilazioa jasanez gero, bere gurasoak kartzelara joango lirateke eta Afrikako euren senideek ez lukete Europako diru gehiagorik jasoko. Gogorra badirudi ere, disuasio neurri hauek funtzionatzen dute.
Gaur, Emakumeen mutilazio genitalaren Tolerantzia Zero egunean, hitz bakarra dut Fatima, Abby eta gainontzeko taldearentzat: Zorionak!!!