Vatikanoaren justizia

Erabiltzailearen aurpegia Isa Egiguren 2017ko abe. 12a, 12:48

“Salvados” telebista saioan Gaztela eta Leonen apaiz batzuen abusu eta bortxaketen xehetasun mingarriak ezagutu ditugu. Biktimak, seminarioetan edo erlijio eskoletan bizi ziren eta gauez apaizen “bisitak” jasaten zituzten. Orain, helduak dira baina garai horretan, haurrak besterik ez ziren eta infernu berbera bizi omen zuten.

Azken 10 urteotan Elizak 6.000 salaketa jaso ditu apaiz pederasten inguruan eta horietako mila kaleratu ditu abusuak frogatuta. Nahiz eta ohiko justiziarekin lan egiteko derrigortasuna izan, Vatikanoak, bere lege eta epaimahai propioak ditu eta askotan bertan konpontzen dituzte halako kasuak.

Ez da erraza horrelako gertaerak kontatzea eta ohikoa da, Jordi Eboleren programan ikusi genuen bezala, urte asko eta asko pasatzea biktima batek indarkeria hori kontatu baino lehen. Elizaren lege horretan, abusuak, 20 urte pasata preskribatzen dira, eta, beraz, maiz, errudunak libre geratzen dira. Hala gertatzen denetan, apaizek zigorra otoi eta penitentzia bizitza eginez ordaintzen dute, meza publikorik eman gabe.

Neurri erabat eskasak dira. Gaztela eta Leonen kasuan, haurrak ausartak izan ziren eta zuzendariarengana jo zuten eurei gertatutakoa kontatzera. Erantzuna? Isiltasuna. Eta hortaz, apaizak zigorrik gabe geratu ziren. Berandu bada ere, ez al da iritsi unea biktima horientzat ere memoria, justizia eta aitortza exijitzeko?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!