Berriz ere burugabekeria. Esnatu eta telebistan ikusi atentatu berri bat izan dela Manchesterren. Ez naiz horrelako albisteak entzuten ohitzen. Gutxienez 22 lagun hil dira eta beste 59 zauritu daude. Kontzertu batean gertatu da eta nerabez beterik zegoen. Poliziak atentatu suizida izan dela pentsatzen du. Eta berriz ere ‘zeinen erraza den pertsona bat hiltzea’ esaten diot nire buruari. Eta hori, hemen ongi dakigu. Idazten dudan bitartean telebista piztuta dut. Irudiak behin eta berriz errepikatzen dituzte. Guraso asko bere seme alabei itxaroten ari ziren kanpoan eztanda bat gertatu denean. Eta gero, ohi den bezala, kaosa, beldurra, garrasiak eta sufrimendua.
Eta ez, ez naiz ohitzen, eta gainera, nahiago dut horrela izatea. Aldi berean, eguneroko prentsari errepasoa ematen, beldur ematen duen beste istorio bat irakurtzen dut. Gerra dela eta, Afrika Erdiko Errepublikako herri batean, Bangassoun, jendea hiltzen ari da. Ospitalera iristen diren zubi guztiak txikituta daude. Hango langile aunitz, erizainak eta medikuak bahituta daude eta gaixorik, edo tiro zauriekin daudenak beraien etxeetan geratu dira edo basoan. Eta horrela, noski, hil egingo dira. Emakume bat iritsi berri da ospitalera, lortu du. Haurdun dago. Senarra bere aurrean hil egin dute eta ondoren, bera jo dute. 20 urte besterik ez ditu eta lau seme alabekin agertu da. Ezin da zutik mantendu. Ez ditut bi gertakizun horiek konparatu nahi, biak dira latzak. Ez naiz ohitzen, ez han, ez hemen.