Asteburu honetan Madrilera joan naiz Munduko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako Artikulu 31 izeneko jaialdira. Matadero espazioan izan da, leku zoragarria kulturaz disfrutatzeko eta hiru egunez, giza eskubideen aldeko dokumentalak, tailerrak eta erakusketak ikusi ahal izateko . Lan guztien artean, bereiziki, “Mi reflejo” dokumentalak hunkitu nau.
Lan honek, haur transexualei buruz hitz egiten du. Beraiek dira protagonista euren senideekin batera. Azaltzen dituzten ereduak, gainera, oso hurbilekoak dira, eta gehien hunkitu nauena oso pertsona arruntak direla izan da. Zer espero nuen ba? Auskalo. Gurasoen zalantzak, ardurak... dena oso normala iruditu zitzaidan. Horrelako esperientzia bizi izanez gero zalantzak eta beldur berdinak izango nituzke. Ildo beretik jarraituz, dokumentalean agertzen diren haurrak, normalak ziren ere! baina, zer demontre espero nuen ba?
Emanaldia bukatu ondoren, nire atzean 13 urteko neska eder bat ikusi nuen. Bat-batean dokumentaleko protagonista bat zela konturatu nintzen! Ezin izan nuen aguantatu eta berarekin hasi nintzen hizketan. Irrifar lotsati batekin, dokumentala, ikusten zuen laugarren aldia zela komentatu zidan. Bere lagunei buruz mintzatu zen eta jaialdi hartan oso pozik sentitzen zela esan zidan.
Momentu horretan, bere aldamenean zegoen bikote batek zerbait kontatu nahi zutela esan zidaten. Harritu nintzen. Ez nituen ezagutzen. Orduan, bere semeari buruz hasi ziren mintzatzen. Orain dela urte bat, bere institutura joan ziren transexualitateari buruzko sentsibilizazioa egitera, eta horrek lagundu zion bere gurasoei azaltzeko horixe zela hainbeste urtetan barruan gordeta zuena. Honen ondoren, berriz ere pentsatu nuen: guraso hauek, zeinen normalak diren. Baina zer espero nuen ba?