Joan den astean Europar Batasuneko Estatuko idazkariak, Jorge Toledok, parte-hartze entzutetsua izan zuen Kongresuan migrazio eta errefuxiatuei buruzko batzordean. Bere une gorenean, pertsonak itsasora botatzen direla esan zuen. Egia bada ere, sortutako iskanbilarekin barkamena eskatu behar izan zuen.
Hitz hartze hori ez zen izan utzi zuen perla bakarra.
Europar Batasunean ordezkatzen gaituen horrek ez zekien zenbat pertsona hil diren pasa den urtean gure Europara iristeko nahian. Berarentzat mila eta piko izan dira, Aknurrek, ordea, 4.715 migrante eta errefuxiatuk bizitza galdu dutela dio, bakoitza historia batekin, bizitza batekin eta eskubide gutxirekin.
Gainera, Toledoren ustez, gobernuz kanpoko erakundeek ez dituzte bizitzak salbatzen. Baina datuak eskura ditugu, Kataluniako Pro-Activa Open Arms-ek bakarrik 15 egunetan 825 pertsona atera ditu itsasotik.
Halaber, Europar Batasuna eta Turkiaren artean egindako migrazio akordioa zoriondu zuen, Grezian 62.000 pertsona baino gehiago baztertuta utzi duena eta Europara iristeko bide askoz arriskutsuagoak inposatu duena era berean. Libiakoa bezala, non aurreko astean 20 migrante tirokatu zituzten trafikanteek eta 160 desagertu ziren. Txalupa miserable batean igo baino lehen trafikanteek diru gehiago eskatu zieten eta jendearen ezetzaren aurrean tiroka hasi ziren.
Bukatzeko, migranteak kanporatzeko eskubidea defendatu zuen, hori bai, diskrezioarekin, Zeuta eta Melillan egiten duten bezala.
Sinestezina, penagarria. Eta ez, pertsonak, alegia, emakumeak, gizonak eta haurrak ez dira itsasora botatzen.