Lau urte zituela bere amaordeak oso egun berezia zetorrela esan zion. Eta modu batean horrela izan zen, bere Guinea Bissaun gertatukoa bere bizitza aldatuko baitzuen. Bere familiarentzat festa bat, berarentzat ordea, amesgaizto bat, eta handik aurrera bere buruan helburu argi bat: emakumeen mutilazio genitalaren ohiturarekin bukatzea. Eta Fátima Djarrak, lan hori, Nafarroan egiten du. Otsailaren 6an ablazioaren aurkako eguna ospatu da mundu osoan eta emakume honek ongi gogoratzen ditu bere lehenengo egunak Munduko Medikuak elkartearekin. Ez zen batere erraza izan Nafarroan bizi diren afrikar familiekin harremanetan jartzea, ez baitzuten ulertzen zergatik Fatima zegoen beraien kulturaren kontran. Behin baino gehiagotan hitz latzak entzun behar izan zituen eta alde egiteko eskaerak ere bai, baina emakume honek ez zuen amorerik eman, eta azkenik, bide txiki bat ireki zuen gainerako emakumeei azaltzeko ablazioak sortzen dituen ondorio fisiko eta psikologikoak. Eta askok ez zuten mutilazioa bere sexu harremanetan zituzten min izugarri horiekin lotzen, ezta zistitis errepikakor horiekin ere. Izan ere, gehienek ez zekiten zer zen txikitan gorputzetik erauzi zietena. Etorkizunerako, Fatimak erronka bat du: bere Guinea Bissaura bueltatzea, lan izugarri honekin jarraitzeko. Erronka zaila, handia, baina ederra. Gora zu, Fatima!