Orain dela gutxi Jaionek bere infernua kontatu zidan. Ez nuen espero, bere mutila oso jatorra baitzen kalean, baina antza denez, deabrua etxean. Jaionek ez zituen lehendabiziko abisuak harrapatu: Ez dakizu ezer egiten! Esaten zion Asierrek, tuntuna zara! Ez duzu ezertarako balio... Urteak pasa ahala, mespretxuak eta bortxakeriak areagotu ziren, baina, berak ez zituen bere beldurrak kontatu nahi eta ez zen gai salatzeko ere. Ederki gogoratzen du gau batean, biok ohean zeudela, lepoa moztuko ziola edozein egunetan esan zionean. Edo lehendabiziko kolpea. Seme alabak izan ondoren gauzak ez ziren konpondu, aldiz, okertu egin ziren.
Egun ikaragarri batean salaketa ezinbestekoa izan zen, baina bakea ez zen iritsi Jaioneren bizitzara. Astero arazoak haurrak Asierrekin uzterakoan, ez zelako agertzen edo ez zituelako bueltatzen, bitartean salaketa gehiago, urruntze agindua hainbat aldiz apurtuta, eta behin baino gehiagotan poliziari deitu beharra. Hori dena mehatxuz eta indarkeriaz josita.
Azkenean, lasaitasuna kartzelara bidali zutenean iritsi zen, baina bakarrik hilabete batzuk igaro zituen preso. Orain Asier ez dugu auzotik ikusten baina nohizbehinka dei galduren bat egiten dio Jaioneri edo mezuren bat bidaltzen dio lagun baten bitartez, eta mezu horiek ez dira onak izaten.
Hilabete honetan, epaileak erabaki du ez dagoela inongo arriskurik eta urruntze agindua dagoeneko ez dela beharrezkoa. Aurten, 86 emakume hil dira indarkeri matxistaren eraginez, ia erdiak bere egoera salatu zuten eta batzuk urruntze agindua zeukaten momentu horretan. Indarkeria matxistaren aurka borroka luze bat dugu, baina bitartean, nork babestuko du Jaione?