ELA sindikatuak txalotzen du Nafarroako Gobernuaren erabakia, CUNeko eta Opus Deiren gainerako enpresetako langileak Osasunbidearen sare publikoan sartzekoa. Orain arte, langileen kidegoari eskubide unibertsal hori ukatuz, zentro pribatu batera bideratzen zituzten, CUNera hain zuzen, non ez dagoen lehen arreta integrala, ez baita osasun-zentroa, ospitalea baizik.
Gainera, kidego horrek ez zuen eskubiderik ugalketa- eta sexu-osasunerako, ezta familia-plangintzarako ere, gainerako nafar herritarrek ez bezala.
Halaber, ELA sindikatua Nafarroako Gobernuaren eta Opus Deiren arteko hitzarmena ez berritzearen aldekoa da. Haren bidez aurrekontu publikotik 5,1 milioi urtean bideratzen ziren CUNen gastuak xurgatzera, erakunde horretako langileen osasun-arretaren aitzakiaz zuritzen zena. Ia 7.200 enplegatu horiek hemendik goiti Osasunbidearen txartela izanen dute (gaur egun 545.000 txartel inguru banatu dira Nafarroan). Beraz, sare publiko horretarako eramangarria izanen da kide berri horiek artatzea, orain dela gutxi beste 10.000 lagun beregain hartu baitu araubide berezietatik, eta osasun-arreta ez da horregatik kaltetu. Gainera, langile hauen historia klinikoak sare publikora eramateko eskubidea bermatu behar da.
Itxaron-zerrendak luzatzeko benetako arrazoia Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-murrizketa izan da; eta orain arazo horri buelta emateko aukera dago, 5,1 milioi horiei esker; izan ere, Opus Deiren gastuak berdindu beharrean, Osasunbidea hobetzeko erabili daitezke. Gainera, CUNen Marketing Saileko datuak zuzenak badira, eta hitzarmenak on egiten bazion Osasunbideari, eta kalte Opus Deiri, egoera berria alderdi bien onerako izanen da.
Arrazoi teknikoak alde batera utziz, berrituko ez den hitzarmena UPNren Gobernuak CUNi egindako finantza-erreskatea izan zen. Azkenaldian Opuseko zuzendaritzak jakinarazi die bere enplegatuei foru-aurrekontutik zetozen diru-sarrerak murriztearen ondorioz langile-murrizketak ere gerta litezkeela, horrela leporatzen diete langileei haiek sortu ez duten arazoa. Bestalde, ez dago eragozpenik CUNek bere langileak artatzen jarraitzeko, gizarte-onuratzat jotzen badu, baina ez sare publiko unibertsaletik kanpo uztearen kontura.
Horregatik ELA sindikatuak CUNeko langileei deitzen die, kidego moduan antolatzeko, eta horrela haien lan- eta soldata-eskubideak hobeki defendatzeko enpresaren aurrean. Opus Deik ez luke ekimen hori trabatu beharko, eta hori hala izan dadin Nafarroako Gobernuak arretaz begiratu beharko luke. Dena den, Nafarroako Gobernuak tinko eutsi beharko dio hartutako erabakiari, hizpide bera arlo guztietara hedatzeko helburuarekin.