Auzitegi Gorenak ELAri eman dio arrazoia, Gamesa-Altsasu ixteko EEE deuseztatuz, UGT eta CCOOekin adosturiko EEE hura

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko aza. 20a, 09:25

Enpresak 2010ean kaleraturiko 150 lagun berronartu beharko ditu

Auzitegi Gorenak, eman berri duen epaiaren bidez, Gamesa-Altsasuko 2010eko EEE deuseztatu du. Enplegu Espediente haren ondorioz lantegia itxi zen, eta 150 langile kaleratu ziren.

Orain Gamesak 150 langileak berronartu beharko ditu, kaleratzeak zuzenbide osoz deusezak izan baitira. Bestela, Altsasuko lantegia berriz ireki ezean, eta kaleratzeak arras burutuz gero, langile horiek gehieneko kalte-ordaina eskatzeko eskubidea izanen dute. Oraingo epai hau beste anitzen ildotik dator: Koxka, Portland, Sic Lazaro… Horiekin guztiekin langileendako lorpen apartak irabazi dira, ELA sindikatuaren eskutik.

Gamesa-Altsasuren kasuan, oraingo epaiak (epai irmoa dagoeneko) onartu du Altsasuko 150 lanpostu suntsitzeko EEE hura itxurakeria hutsa izan zela, hiru alderdiren arteko konponketa: enpresa, UGT-CCOO eta Nafarroako Gobernua. Hasieratik beretik ELAk argudiatu zuen Altsasuko EEEaren negoziazioa (azkentze-EEE bakarra) Altsasuko Enpresa Batzordearekin egin behar zela. Hala ere, enplegu-espedientearen negoziazioa Madrilera eraman zen, mahai bakar baten inguruan negoziatzeko. Helburua argi zegoen, borrokarako prest zeuden langileak indargabetzea. Eta hori adostasunez egin zen: enpresa, UGT-CCOO eta Nafarroako Gobernua bat etorrita.

Madrilgo Auzitegi Nagusiak eman eta orain Auzitegi Gorenak berretsitako epaiaren arabera, Altsasuko Enpresa Batzordearekin zuzenean ez negoziatzeak eragotzi zien langileen ordezkariei EEEa behar bezala negoziatzea.

Epai horrek argazki zehatza egin die Gamesa-Altsasuren itxieraren eragileei. Batetik, Gamesari. Altsasuko lantegia ixtea erabaki zuen garaian 115 milioi euroko etekinak zituen. Enpresa horrek milioika euro jaso ditu diru-laguntza publikoen bidez, eta hala ere ez du konpromisorik txikiena ere hartu Nafarroako enpleguarekin.

Bestetik, UGTri eta CCOOi. Altsasuko lantegian ez zuten ordezkari bakar bat ere. Altsasun aparteko negoziazioa egiteari uko egin zioten, eta ez zegokien ordezkaritza berentzat hartuz Madrilen negoziatu zituzten kaleratzeak. Langileek eman ez zieten ordezkaritzaz baliatuz indargabetu zuten borroka. Gaitzetan txikiena bilatu behar zela esan zuten, erantzukizunez jokatuz lanpostuak salbatuko zirela esan zuten… baina azkenean 150 kaleratzeei ziurtapena eman zieten.

Eta azkenik, Nafarroako Gobernuaren jokabide patetiko eta lotsagarria ederki islatu da argazkian. Uko egin zion EEEa Nafarroan izapidetzeari. Gainera, garai hartako testuinguruan, non gobernuak aurkezten zizkieten espedienteen %99 onartzen zituen. Ondorioz, azpimarratu beharrekoa da langile-talde horrek borroka irabazi duela. Ugari-ugariak izan ziren 2010eko mobilizazioak, eta Sakana osoan lortu zen jabetze-maila eredugarria. Orain dugun erronka langile horiek berriz ere lanera onartzea da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!