ELA sindikatua auzibidetik abiatu da, dagoeneko, Nafarroako Gobernuaren (Enpleguaren Nafar Zerbitzua) eta CEN, UGT eta CCOO antolakundeen artean 2015ean sinatu diren hamarka prestakuntza-hitzarmenak. Zehazkiago esanda, azaroaren 6an ELAk sei gorako errekurtso erregistratu ditu Enpleguaren Nafar Zerbitzuaren beste horrenbeste ebazpenen aurka, auzi-demandak aurkeztu ahal izateko eman behar den aurretiazko pausoa emanez.
ELA sindikatuaren iritziz sei errekurtso horiek lagin nahikoa dira UPN eta PSNren gobernuek CEN, UGT eta CCOOekin adostasunez eratu zuten sare juridiko-politikoa ikusteko. Izan ere, sare horren bidez zuzenean finantzatzen ziren aipaturiko antolakundeen egiturak eta gastu arruntak, hasierako helburua –enplegurako prestakuntza– alde batera utzita.
Uxue Barkosen ardurapeko gobernuak finantzaketa horren erdiari eusteko asmoa duela (5 milioi eurotik gora) ikusita, hala iragarri du behintzat SNEko zuzendariak Parlamentuan, ELAk iruzur horri auzibidetik aurre egitea erabaki du. Azpimarratu beharrekoa da erregistratu diren gorako errekursoak foru-administrazioak berak ebatzi beharko dituela. Beraz, gobernuaren beraren ardura izanik, aukera paregabea izanen du Sanzek eta Barcinak taxuturiko eroskeria-praktikak zuzentzeko; aitzitik, bere egiten baditu, gobernu berriaren jardunbidearen praktika bilakatuko da.
Errekurtso horien argudio juridiko nagusia lege-iruzurrean oinarritzen da, alegia, Nafarroako Parlamentuak, martxoaren 12an, UPN eta PSNren aldeko botoekin eta PPren eta I-Eren abstentzioekin egindako lege-iruzurrean. Aurrekontu-aldaketa baten bidez Gobernuak diru-sailen izena eta kokapena aldatu zituen; CEN, UGT eta CCOO antolakundeei zuzenean 5,4 milioi euro ematen jarraitzeko. Horrela Gobernua saiatu zen 4/2015 Errege Lege Dekretua saihesten, non argi eta garbi ezarrita baitago enplegu-prestakuntzarako diru-funts guztiak lehia ireki batez esleitu behar direla.
Horregatik hitzarmen berrietan zenbait hitz aldatu ziren: “ikastaro, irakasle edo ikasle”ren partez “ibilbide, kualifikazio edo erabiltzaile” jarri ziren, SNEren zerbitzu juridikoak nahasteko saiakera zakarra eginez. Hori lortu beharrean, funtzionarioek atzera bota zituzten hitzarmen horiek; eta hori dela-eta, CEN, UGT eta CCOO antolakundeek ezin izan zuten ikastaroak eman, eta ezin izan zuten aurrekontu publikotik diruz hornitu, harik eta aipaturiko zerbitzu juridikoak aldatu ziren arte.
ELAk erabaki du, beraz, hitzarmen horiek (4,6 milioi euroren muntakoak) auzitara eramatea, eta horrekin batera lan sindikal gogorra eginen du Enpleguaren Nafar Zerbitzu benetan publikoaren alde, hemendik goiti langabeen eta horren beharra duten okupatuen enplegurako prestakuntza kudea dezan, eta dituen aurrekontuetatik CEN, UGT eta CCOO antolakundeen egiturako soldatak eta gastu arruntak finantzatzera euro bakar bat ere joan ez dadin.