Castejon-go lan istripuaren aurreko salaketa

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko urr. 23a, 13:36

Ohar honen bitartez, asteazken arratsaldean Castejón-go (Nafarroa) Precon, S.A. enpresan gertatutako lan istripua publikoki salatu nahi dugu, non langile bat larriki zaurituta suertatu zen..

 

Pieza metaliko pisutsu batek 44 urteko langilea (T.M.O) jo zuen, azpian harrapatuta zelarik. Istripuaren ondorioz bi hanketan haustura eta kolpeak jasan behar izan zituen eta lankideek askatu behar izan zuten.

 

Lehenik eta behin istripua izan zuen senide eta lankideei gure bates eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Era berean istripuaren arrazoiak eta egon litezkeen ardurak argitzen aldera Nafarroako Lan Osasun Institutuari eta Lan Ikuskaritzari istripuaren ikerketa sakona burutzeko eskatzen diegu.

 

Nafarroan lan-ezbehar kopuruak gora egin duela eta gure kezka bizia adierazi nahi dugu baita ere. Aurten gutxienez 10 pertsona dira beraien lanpostuetan bizitza galdu dutenak eta lan-ezbehar kopuru orokorra ere handitzen ari da oro har.

 

Hau ez da kasualitate hutsa, honen atzean langileriaren segurtasun eta osasunaren gainetik enpresen irabaziak lehenesten dituen lan-harreman eredu honen ondorio diren egiturazko arrazoiak daude. Krisi ekonomikoaren aitzakian burutu eta Nafarroan bete-betean aplikatu diren erreforma eta murrizketak lan-prekarietatearen handitzea dira langileontzat.

 

Segurtasun neurrien gabezia, kontrolik gabeko azpikontratazioa, behin behineko eta aldi-baterakotasuna kontratazioan, lanegun amaigabeak, lan-erritmo jasanezinak..., hedatzen ari diren eta lan-ezbeharretan eragin zuzena duten prekarietate faktore batzuk besterik ez dira.

 

Precon, S.A.-k zehazki, duela gutxi iraupen luzeko kontratua zeukaten 8 langilerenkaleratzea burutu eta gero iraupen mugatuko beste 10 kontratazio berri egin dira, gainera azken langile hauek lan-arriskuen prebentzioarako inolako formakuntzarik jaso ez luketeelarik.

 

Horregatik esparru ezberdinetatik lan-ezbehar kopuruaren handitzea inolaz ere somatzen ez dugun jarduera ekonomikoaren ustezko susperraldiari egotzi nahi izatea, eta horrez gain patronalak handitze hau onartzera behartuta gaudela baieztatzea erabat baztertu nahi dugu.

 

Nafarroako Gobernuari aipatutako lan prekarietate faktoreak mugatu eta enpresen betegabetzeen aurreko kontrola areagotzeko berehalako neurri eraginkorrak hartzeko exigitzen diogu. Zentzu horretan lan-segurtasun eta osasunean ardura daukaten erakundeei bideratutako baliabideak azken boladan bortitzki murriztuak izan direla salatu nahi dugu

 

Azkenik ELAtik, aldarrikapen eta borrokarako oinarrizko tresna diren antolakuntza eta mobilizazio sozialaren bitartez, Nafarroako langileon segurtasunezko lan baldintza duinen alde eta orokorrean langileriaren eskubideen defentsan lan egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!