ELA: "Aldaketa sozial eta politikoa gauzatzeko aukera historiko hau baliatu behar da"

Erabiltzailearen aurpegia ELA Nafarroa 2015ko mai. 28a, 13:34

Maiatzaren 24ko hauteskundeek agerian utzi dute CEN, UGT eta CCOOen mesedetan osatutako sare klientelarra sustatu duten indar politikoen porrota.

ELA sindikatuak adierazi du bere nahia dela maiatzaren 24ko hauteskundeen ondorengo agertoki berria Nafarroan sakoneko aldaketa politiko eta sozialeko aldi bat bilakatzea. Sindikatuaren ustez, aukera historikoa daukagu politika jakin batzuk amaitzeko: murrizketak, diru-xahutzea, klientelismoa eta Nafarroako euskal errealitateari egindako erasoa eragin duten politikak, alegia.

Lehenik egin beharreko irakurketa eredu politiko baten porrotari buruzkoa da; UPN-PP eta PSNren eredu horretan politika (fiskalitatea, aurrekontuak...) eliteen interesen esanetara zegoen, nafar herritarren kaltetan.

Ezin da oharkabean geratu maiatzaren 24ko porrotak elkarrizketa sozial delakoari ere astindua eman diola. Herritar nafarrek alde batera utzi dituzte UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN patronalaren alde osatutako sare klientelarra sustatu duten alderdi politikoak.

ELAk duela gutxi helarazi dizkie alderdi politikoei aldaketarako bere proposamenak; sindikatuaren ustez, aldaketa politiko eta sozial delako horrek hiru ondorio izan beharko lituzke:

1- Egitura politiko eta instituzionalak demokratizatzea, parte hartzea bultzatuaz eta klientelismoa amaituaz.

2- Klase xeheen aldeko politika soziala; honek aurrekontu- eta zerga-politika goitik behera aldatzea eskatzen du.

3- Euskal errealitatearenjazarpen politika bertan behera uztea, adierazpide guztietan (hezkuntza, komunikabideak, hizkuntza…).

ELAk uste du iritsi dela programa politikoek protagonismoa hartzeko unea. Horregatik aldaketa defenditu duten alderdiei dei egiten die eduki programatiko batzuk adostu ditzaten, zeinei esker lehen unetik argi geratuko diren lehengo erregimenaren eta nafar gizarteak galdegiten duen alternatibaren arteko desberdintasunak. Hain zuzen, erabaki beharreko politikaren lehentasuna izan behar da Nafarroan gero eta gehiago hedatzen ari diren desberdintasuna eta langabezia borrokatzea.

Eredu sozial eta politiko berri bat eraikitzeko lanean aintzat hartu behar dira aldaketarako benetako borondatea duten herritar sektore guztiak; beste kontu bat da historikoki edozein aurrerapauso galarazi eta Parlamentu zein udaletan bere botoaz erregimena babestu duten elite politikoak, esaterako PSN, sartu behar direla esatea.Gizartearen gehiengoak ikusi duenean oztopo hori gainditu dela, inork ez luke ulertuko harri berean estropezu egitea, areago ezerk ez duenean eragozten Nafarroa demokratikoago eta berdinkoiago batera daraman bidea hartzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!